IKASLEENTZAKO SEKUENTZIA DIDAKTIKOA

Azken hilabete honetan Euskal Herriak munduan duen kokapena ezagutu duzue, baita nola dagoen eratuta, nolakoak diren gure euskalkiak, erliebeak, ibaiak, gure ohiturak eta abar. Hau da, 'Gure Bazterrak' ezagutzen aritu zarete.

Unitateari bukaera emateko zer iruditzen zaizue zuen inguruak Euskal Herriko beste ikasleei ezagutarazten badizkiezue?

Hori izango da zuen hurrengo erronka, proposatzen zaizuen webgunea  (gurebazterrak.eus) osatzen joatea gelakideen arteko elkarlanean. Bertan, diptiko bat osatzeko aukera ere izango duzue, eta, hala nahi izanez gero, bideo txiki bat zintzilikatzeko aukera ere egongo da.

1. ZEREGINA: Eginbeharrak planifikatu

Aurreikusitako denbora: 2-3 ordu

Burutu nahi dugun lana aurretik planifikatu behar dugu. Hori izango da lehenengo zeregina.

Web-orrialdeak honako atalak ditu:

  • Sarrera: Agurra, partaideen aurkezpena, gaiaren aurkezpena, zuen herria bisitatzeko arrazoiak, bideoa.
  • Kokapena: Euskal Herriarekiko non dagoen kokatuta zuen herria, zein probintziatan eta eskualdetan dagoen, duen hedadura eta populazioa, zein diren herriaren armarria eta bandera. Herriaren hizkuntzei eta euskalkiari buruzkoak, eta nola heldu herrira.
  • Herriaren ezaugarri fisikoak: erliebea, hidrografia, klima eta paisaiari buruzko ezaugarri nagusiak.
  • Herriaren historia: Noiz sortutakoa den, gertaera esanguratsuenak, pertsona ospetsuak, arkitektura, ohiturak...
  • Non jan eta lo egin: Jatetxeak, aterpetxeak, kanpinak, hotelak ...
  • Inguruak ezagutzen: Ingurua ezagutzeko dauden aukerak eta baliabideak (bizikleta-txangoak, ibaietan edo itsasoan egiteko ekintzak, zaldiz egiteko ibilbideak, oinezko ibilbideak...)

1. Elkarlanean aritzeko gelako kideak sei taldetan banatuko zarete. Talde bakoitzak landuko duen gaia aukeratuko du. Taldeen arteko desadostasunak izanez gero irakasleak emango dizue laguntza.

2. Taldekideen ardurak banatu: Idazkaria, materialaren arduraduna, bozeramalea, ordenagailuaren arduraduna, argazkien arduraduna...

3. Talde txikitan elkarturik, honako hauek izango dira hurrengo urratsak:

  • Zein da aukeratu duzuen atala ?
  • Non eskura dezakezue aukeratutako gaiari buruzko informazioa (Interneten, turismo  bulegoan, herriko liburutegian, adituren bati elkarrizketa eginez...)?

4. Informazioa eskuratu (eskolaz kanpoko orduetan liburutegira joan, informazio bulegora joan, udaletxera joan...

5. Eskuratutako informazioa sailkatu. Behar bada jasotako informazioa ez da zuen gaiari buruzkoa soilik, beste taldeen atalei  buruzkoa ere izan daiteke. Horrela bada, eskaini tarte bat taldeen arteko informazioa elkar trukatzeko.

2. ZEREGINA: Informazioa eskuratu eta lana burutu

Aurreikusitako denbora: 2 ordu

Lana burutzen hasteko unea heldu da. Talde bakoitzak berari dagokion atala osatzeko eskuratu eta sailkatu duzuen informazioa erabiliz. Zeregina egiteko orduan kontuan izan webgunean zuzenean idatzi beharko duzuela zuen ekarpena.

ATALA: Sarrera

  • Agurra.
  • Partaideen aurkezpena.
  • Gaiaren aurkezpena.
  • Zuen herria bisitatzeko arrazoiak.
  • Gelako tabletarekin edo mugikorrarekin egindako bideoa txiki bat sartzeko aukera dago, zuen proposamenaren aurkezpen gisa. Segundo batzuetako bideoa izan daiteke.

ATALA: Gure kokapena Euskal Herrian

  • Herriaren izena, armarria eta bandera izaten dira herriaren lehendabiziko aurkezpen irudia.
  • Herriko ezaugarri nagusiak:
    • Euskal Herriarekiko non dagoen kokatuta.
    • Zein probintziatan eta eskualdetan dagoen.
    • Herriak duen hedadura eta populazioa.
    • Herriko hizkuntzak eta euskalkia.
  • Norbait gure herria ezagutzera gonbidatu nahi badugu, lehenik eta behin nola hel daiteken azaldu behar diogu.
  • Egindako lanaren zuzenketa egitea ezinbestekoa izango da.

ATALA: Gure inguruak

  • Herria kostaldean, haran batean, lautada batean... kokatuta dagoen adierazi beharko duzue.
  • Kokapen horrek kliman eta paisaian duen eragina adierazi.
    • Klima nolakoa den neguan eta udan: batez besteko tenperatuta eta ur-prezipitazioak.
    • Adierazi zein web orrialdetan aurki daitekeen herriko eguneko eguraldia.
  • Herriaren inguruetan dauden mendiak, basoak, landak, hondartzak, ibaiak... zerrendatu eta bakoitzak duen berezitasuna aipatu.
  • Atala osatzeko behar diren argazkiak eskuratu, eta dagokion tokian gorde.
  • Egindako lanaren zuzenketa egitea ezinbestekoa izango da.

ATALA: Gure historia

  • Herrietan bazter historikoak egoten dira. Zein dira zuen herrian bazter horiek? Jasotako informazioa aztertu eta zerrenda itzazue.
  • Herriaren mapan koka itzazue gune horiek eta zenbaki batez markatu, eskuz edo era erraz batean.
  • Markatutako guneak azaltzea dagokizue oraingoan.
  • Herrian izan diren eta gaur egun ezagunak diren pertsonaiak (pertsonaia historikoak, idazleak, bertsolariak, dantzariak, musikariak, kirolariak...)
  • Herrian izan diren eta gaur egun ezagun diren ohiturak (herriko jaiak, ospakizun bereziak, azokak...)
  • Azalpen horietarako behar diren argazkiak egin edo aurkitu, eta dagokion tokian gorde.
  • Egindako lanaren zuzenketa egitea ezinbestekoa izango da.

ATALA: Non jan eta lo egin

  • Gure herrira adin desberdinetako pertsonak etor daitezke, eta jatorduak egiteko aukera desberdinak izatea komeni da: jatetxeak eta eskaintzen duten menua (eguneko menua, asteburuetako menua edo karta), tabernak (pintxoak, ogitartekoak jateko), parkeak (ogitartekoak lasai jateko)... Jaso informazioa eta zerrenda ezazue, salneurriak kontuan izanik.
  • Zerrendatutako leku bakoitza deskribatu eta argazki batez osatu.
  • Bisitariek egun bat baino gehiago igarotzea erabaki dezakete. Beraz, jakin beharko dute zer aukera daukaten (kanpinak, aterpetxeak, nekazalturismo etxeak, pentsioak, hotelak, hostalak...). Horien inguruko informazioa ere eskainiko duzue, bilatu jasotako informazioa eta zerrendatu.
  • Zerrendatutako leku bakoitza deskribatu eta atal honetarako argazkiak aukeratu.
  • Egindako lanaren zuzenketa egitea ezinbestekoa izango da.

ATALA: Gure bazterrak ezagutzen

  • Udaletxean edo informazio bulegoan galdetuz, herrian antolatzen diren txangoen eta bestelako ekintzen inguruko informazioa eskura dezakezue. Informazioa bildu.
  • Eskaintzen diren ibilbideak mapan irudika itzazue. Edo, ibilbidearen zehaztasunak eman itzazue.
  • Argazkiak eskura itzazue eta dagokion tokian gorde.
  • Egindako lanaren zuzenketa egitea ezinbestekoa izango da.

ZEREGINA: Webgunea ornitu jasotako informazioarekin

Aurreikusitako denbora: 2 ordu

  • Talde bakoitzak burututako lana Gurebazterrak.eus webgunera igotzeko unea heldu da, irakaslearen laguntzaz baliatuta.
  • Informazioa igoko duten ikasleek, lehendabizi erabiltzaile izateko izenematea egin beharko dute, webgunean bertan.
  • Zuzenketak webgunean bertan ere egin daitezke. Publikatzeko aukera soilik irakasleek izango dute.
  • Talde bakoitzak dagokion atala osatuko du. Atal bakoitzean bi testu idazteko aukera egongo da: luzea eta laburra. Biak bete behar dira.
  • Testu laburrak idatzi ondoren, diptikoa ikusteko aukera egongo da. Bertan, eskaintzen diren diseinuen arteko bat hautatu beharko da. Ondoren, taldeak osatutako testu laburrak eta irudiak jasotzen dituen diptikoa ikusteko aukera egongo da, Diptikoaren ikono gainean klik eginda.
  • Behin webgunea hornituta dagoela, talde bakoitzak beste taldeen lanak ikusiko ditu.
  • Talde handian partekatuko da talde txikietan egindakoa.
  • Hala nahi izanez gero, informazioa konpartitzeko aukera egongo da. 'Konpartitu' ikonoan klik eginda URL bat sortuko da, ikastola bakoitzak nahi duen moduan konpartitu dezan bere lana.

Zure erabiltzaile esperientzia hobetzeko cookie-ak erabiltzen ditugu. Nabigatzen jarraituz gero, horien instalazioa eta erabilera onartuko duzu.

Informazio gehiago Ados