IRAKASLEENTZAKO GIDA

SARRERA

Txanela 5.2 unitatearen bukaeran burutzeko proiektua proposatzen dugu oraingo honetan. Unitatean ikasleek Euskal Herria ezagutzen arituko dira, baina nolakoak dira ikaslea bizi diren inguruak? Zer egin dezakete beraien herria, hiria, horren beste maite dituzten txokoak ezagutzera emateko?

Proiektu honetan aukera hori izango dute, norberaren bazterrak deskribatu eta Euskal Herriko beste inguru batzuk ezagutzeko.

Liburuko 7. orrialdean Txanelako proiektua erakusten da, hau izan daiteke momentu egokiena gurebazterrak.eus egiten duen proposamena aurkezteko.

Interesgarria da unitatearen lanketa egiten den neurrian orokorrean landutakoaren ondoren arreta ipintzea ikastola bakoitzaren inguruaren lanketa ere egiteko.

HELBURUAK

Interdiziplinarra

Gaia: Gure bazterrak ezagutzen. Gure irteera antolatzen

Maila: Lehen Hezkuntzako 5. maila | Saio kopurua: 7 saio

Proposamenaren testuingurua

Bizitzan zehar bidaia asko egiten ditugu, bai familian, bai ikastolan. Kasu guztietan, bidaia izan daiteke ikasteko eta gozatzeko aukera bat; are gehiago, bidaia guk prestatzen eta planifikatzen badugu.

Gu Europako hego-mendebaldean kokatuta dagoen herrian bizi gara. Euskal Herrian bizi gara. E.H-ak osatzen duten 7 probintzi horietako batean biziko zarete zuek: Araban, Bizkaian, Gipuzkoan, Nafarroan, Lapurdin, Nafarroa Beheran edota Zuberoan. Ezagutzen al dituzue?

Europarekin konparatuz, Euskal Herria ez da oso handia, 20.747 km karratu azalera du eta horrek errazten du bere bazter guztiak pixkanaka ezagutzea.

Sekuentzia honetan bidaia baten antolaketaren proposamena landuko dugu urratsez urrats. Baina ez edozein bidaia, zuek bizi zareten herriaren eskaintza bilduko duen diptiko bat osatuko duzue taldean. Zuen herria bisitatzeko grina piztuko duen diptikoa osatu behar duzue.

Ondoren, gurebazterrak.eus web orrian konpartituko duzue, beste edozein herrietako ikasleak behar duen informazioa eduki dezan ikastolako txangoa antolatu behar dutenerako, eta era berean, zuek beste herrietako informazioa jasotzeko aukera paregabea izango duzue.

Helburu didaktikoak:

  • Norbera bere herritik abiatuz Euskal Herriko informazio geografiko, historikoak edo sozialak bilatu, elkarlanean arituz, finkatutako ereduaren baitan eta hasierako eskakizunari erantzunez, hautatu eta antolatu.
  • Talde-lana balioestea, lankidetza eta parte-hartze arduratsu jarrerak agertuz, eta elkarrizketa eta eztabaidetan gainerakoen ideia eta ekarpenekiko desadostasunak errespetuz eta tolerantziaz onartu.
  • Hainbat aukeraren artean, irizpide propioen jabe izanik, proposamen egokiena zein den modu kolaboratzailean erabaki.
  • Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabili informazioa lortzeko eta edukiak adierazteko.
  • Diptikoa osatzeko ematen diren irizpideak kontuan hartuz era sortzaile batez herriari buruzko sintesia egin modu erraz eta erakargarri batean, diptikoan eskaintzen diren diseinu aukera desberdinak erabiliz.
  • Eguneroko egoera interaktiboetan parte hartu, eta ahozko ekoizpenetan komunikaziorako oinarrizko arauak errespetatu.

Ebaluaziorako irizpideak

  • Herri baten inguruko informazioa jaso eta antolatu du.
  • Jasotako informazioak helburuari erantzuten dio.
  • Azalpenak planifikazioan aurreikusitako informazioak integratu ditu.
  • Azalpenean euskarri digitalak baliatu ditu.
  • Norberak emandako informazioak egokitu zaion lan zatiari erantzuten dio.
  • Ideiak modu ulergarrian adierazi ditu.
  • Gaiari dagokion terminologia zehatza erabili du.
  • Norbere ideiak eta sentimenduak askatasunez adierazi ditu, eta besteenak errespetuz entzun ditu.
  • Taldean, norbere zereginak arduraz bete ditu, eta laguntza behar duenari eskaini dio.
  • Zailtasunei aurre egiteko proposatutakoak onartu eta gauzatzeko ahalegina egin du.
  • Norbere erabakiak eta betebeharrak burutzeko arduraz jokatu du.

KUDEAKETA

1. ZEREGINA: Eginbeharrak planifikatu (2-3 ordu)

Ikasleak talde txikitan elkartuko dira, talde heterogeneoak osatuz. Lan taldeek 'Elkarrekin bizitzen eta Norbera izaten' konpetentziak lantzeko prozedura aproposak dira.

Taldeak eratu ondoren proiektuaren planifikazioa egiten hasiko dira:

  • Talde bakoitzak zein atalaz arduratuko den erabaki. Adostasunik ez badago irakaslearen laguntza ezinbestekoa izango da, oreka bilatzeko.
  • Talde bakoitzak bere atalari dagozkion zereginak irakurriko ditu.
  • Taldean erabaki eta adostu zein informazio mota behar izango duten.
  • Unitatearen lanketan zehar norberaren inguruko informazioa eskura izan.
  • Diptikoaren atzealdean leloa eta esaldi labur eta erakargarria joango da. Talde bakoitzak bere proposamena egingo du, leloa eta esaldia proposatuko ditu. Ondoren, denen artean aukeratu edo adostuko dute behin betiko leloa eta esaldia.

2. ZEREGINA: Lana burutu (2 ordu)

Lana burutzen hasteko unea heldu da. Talde bakoitzak berari dagokion atala osatzeko eskuratu eta sailkatu duen informazioa erabiliz. Zeregina egiteko orduan kontuan izan behar da webgunean zuzenean idatzi beharko dutela beraien lana.

Talde bakoitzean bost funtzio aurreikusten ditugu: Idazkaria, materialaren arduraduna, bozeramalea, ordenagailuaren arduraduna, argazkien arduraduna...

Talde bakoitzak dagokion atalaren lanketa egingo du, jarraian doan proposamenean oinarrituta:

ATALA: 'Sarrera'

  • Agurra.
  • Partaideen aurkezpena.
  • Gaiaren aurkezpena.
  • Zuen herria bisitatzeko arrazoiak.
  • Gelako tabletarekin edo mugikorrarekin egindako bideoa txiki bat (editatu gabea) sartzeko aukera dago, ikasleek egindako proposamenaren aurkezpen gisa. Segundo batzuetako bideoa izan daiteke.

ATALA: 'Gure kokapena Euskal Herrian'

  • Herriaren izena, armarria eta bandera izaten dira herriaren lehendabiziko aurkezpen irudia.
  • Herriko ezaugarri nagusiak:
    • Euskal Herriarekiko non dagoen kokatuta.
    • Zein probintzian eta eskualdean dagoen.
    • Herriak duen hedadura eta populazioa.
    • Herriaren hizkuntzei eta euskalkiari buruzkoak.
  • Norbait gure herria ezagutzera gonbidatu nahi badugu, lehenik eta behin nola hel daiteken azaldu behar da.
  • Egindako lanaren zuzenketa egitea ezinbestekoa izango da.

ATALA: 'Gure inguruak'

  • Herria kostaldean, haran batean, lautada batean... kokatuta dagoen adierazi beharko dute.
  • Kokapen horrek kliman eta paisaian duen eragina adierazi.
    • Klima nolakoa den neguan eta udan: batez besteko tenperatuta eta ur-prezipitazioak.
    • Adierazi zein web orrialdetan aurki daitekeen herriko eguneko eguraldia.
  • Herriaren inguruetan dauden mendiak, basoak, landak, hondartzak, ibaiak,... zerrendatu eta bakoitzak duen berezitasuna aipatu.
  • Atala osatzeko behar diren argazkiak eskuratu, eta dagokion bezala gorde.
  • Egindako lanaren zuzenketa egitea ezinbestekoa izango da.

ATALA: 'Gure historia'

  • Herrietan bazter historikoak egoten dira. Zein dira zuen herrian bazter horiek? Jasotako informazioa aztertu eta zerrendatu behar da.
  • Herriaren mapan kokatu gune horiek eta zenbaki batez markatu. Markatzea eskuz edo era erraz batean egingo da.
  • Markatutako guneak azaltzea dagokio oraingoan.
  • Herrian izan diren eta gaur egun ezagunak diren pertsonaiak (pertsonaia historikoak, idazleak, bertsolariak, dantzariak, musikariak, kirolariak...).
  • Herrian izan diren eta gaur egun ezagun diren ohiturak (herriko jaiak, ospakizun bereziak, azokak...).
  • Azalpen horietarako behar diren argazkiak egin edo aurkitu, eta dagokion tokian gorde.
  • Egindako lanaren zuzenketa egitea ezinbestekoa izango da.

ATALA: 'Non jan eta lo egin'

  • Gure herrira adin desberdinetako pertsonak etor daitezke, eta jatorduak egiteko aukera desberdinak izatea komeni da: jatetxeak eta eskaintzen duten menua (eguneko menua, asteburuetako menua edo karta), tabernak (pintxoak, ogitartekoak jateko), parkeak (ogitartekoak lasai jateko)... Jaso informazioa eta zerrenda ezazue, salneurriak kontuan izanik.
  • Zerrendatutako leku bakoitza deskribatu eta atal honetarako argazkiak aukeratu eta dagokion eran gorde.
  • Bisitariek egun bat baino gehiago igarotzea erabaki dezakete. Beraz, jakin beharko dute zer aukera daukaten (kanpinak, aterpetxeak, nekazalturismo etxeak, pentsioak, hotelak, hostalak...). Horien inguruko informazioa ere eskainiko duzue, bilatu jasotako informazioa eta zerrendatu.
  • Atal honetarako argazkiak aukeratu.
  • Egindako lanaren zuzenketa egitea ezinbestekoa izango da.

ATALA: 'Gure bazterrak ezagutzen'

  • Udaletxean, informazio bulegoan galdetuz herrian antolatzen diren txangoen, ekintzak desberdinen informazioa eskuratu.Informazioa bildu.
  • Mapan eskaintzen diren ibilbideak irudikatu. Edo, Ibilbidearen zehaztapenak eman.
  • Argazkiak eskuratu eta dagokion tokian gorde.
  • Egindako lanaren zuzenketa egitea ezinbestekoa izango da.

ZEREGINA: Webgunea hornitu burututako fitxekin (2 ordu)

Webgunea hornitzeko ordua heldu da. Ondoren doazkizun zehaztasunak lagungarri izango zaizkizu atal hau osatzeko orduan:

  • Talde bakoitzak burututako lana Gurebazterrak.eus webgunera igotzeko unea heldu da, irakaslearen laguntzaz baliatuta.
  • Informazioa igoko duten ikasleek lehendabizi erabiltzaile izateko izenematea egin beharko da, webgunean bertan.
  • Zuzenketak webgunean bertan ere egin daitezke. Publikatzeko aukera soilik irakasleok izango duzue.
  • Talde bakoitzak dagokion atala osatuko du. Atal bakoitzean bi testu idazteko aukera egongo da: luzea eta laburra. Biak bete behar dira.
  • Testu laburrak idatzi ondoren, diptikoa ikusteko aukera egongo da. Bertan, eskaintzen diren diseinuen arteko bat hautatu beharko da. Ondoren, taldeak osatutako testu laburrak eta irudiak jasotzen dituen diptikoa ikusteko aukera egongo da, Diptikoaren ikono gainean klik eginda.
  • Behin webgunea ornituta dagoela, talde bakoitzak beste taldeen lanak ikusiko ditu.
  • Talde handian partekatuko da talde txikietan egindakoa.
  • Hala nahi izanez gero, informazioa konpartitzeko aukera egongo da. 'Konpartitu' ikonoan klik eginda URL bat sortuko da, ikastola bakoitzak nahi duen moduan konpartitu dezan bere lana.

Zure erabiltzaile esperientzia hobetzeko cookie-ak erabiltzen ditugu. Nabigatzen jarraituz gero, horien instalazioa eta erabilera onartuko duzu.

Informazio gehiago Ados